2016-11-11
“Familia bidezko jarraipena” proiektuko azpiegitasmo bat dugu “EUSKERA OLGETAN ERROTU”, 3-6 urte bitarteko umeei eta euren gurasoei begirako ekimena. Aurreko Plan Estrategikoan indarrean egon zen eta oraingoan (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana) ere mantentzen dugu. Helburua: esparru ez formalean euskararen erabilpena areagotzeko baldintzak finkatu, guraso eta seme-alaben arteko harremanak giro ludikoan landuz.
Ekimenaren oinarri nagusiak:
Guraso euskaldunak eta erdi-euskaldunak beraien seme-alabekin bikoteka aritzea, froga desberdinak bitarteko: euskal jokoak, txisteak, bertsoak, abestiak, galderak, mimika….
Antolatzailea dugu Urdaibai Kultura, Aisialdi eta Kirol Elkartea URE, Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Arloarekin elkarlanean, eta bien arteko konpromisoak eta zereginak finkatzeko hitzarmen bat sinatu da, urtero bezala:
- URE elkartearen ardurapean dago antolaketa, begiraleen dinamika lantzea, zabalkunderako euskarriak moldatzea,…
- Euskara Arloaren ardura: diru baliabideak (7.401 euro), azpiegitura eskaini (Jai Alai frontoia), zabalkunderako euskarriak adostu eta umeen gurasoei gutuna etxeetara bidaltzeko bideak erraztu.
Egitasmoaren xede taldea, esan bezala, 3-6 (2011-2012 eta 2013 urteetan jaioak) urte bitarteko umeak eta euren gurasoak dira, 600 bat familia udalerrian. Gutuna bidaltzen zaie etxeetara, datuen babeserako legea zorrotz errespetatuz; parte hartzeko gonbidapen horrekin batera, izena emateko fitxa bat doa. Urtero parte hartzen dutenen kopurua: 200 bat ume eta euren gurasoak (batzuetan biak: 300 bat guraso). Beraz, xede taldearen %35a izaten dugu partaide, Gernika-Lumolako herri ertain baterako arrakastatsua guretzat.
2009 Gernika-Lumoko Udala
iametza interaktiboak garatua
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra