Gaur banatu dira GUROT lehiaketako banakako sariak Bizkaiko Foru Aldundiko prentsa aretoan egindako ekitaldian. Bertan, hiru irabazlek banakako lehiaketan irabazitako sariak jaso dituzte.
Lehen saria Sopelako Jackek irabazi du, Port Aventura eta Ferrari Landera bidaia bat, berarentzat eta berak hautatzen dituen beste bi lagunentzat. Bigarren saria, Gernika-Lumoko Uzuri Garcia de Kortazarrek irabazi du, Toledora eta Puy Du Fou parkera joateko bidaia bat, eta hirugarren saritua Lekeitioko Mirene Kaltzakorta izan da, EAE-ko nekazal-turismo batean egonaldia.
Ekitaldian izan ziren: Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria Isaac Amezaga, Gernika-Lumoko zinegotzia Ziortza Bilbao, Lekeitioko Udaleko Ander Goikoetxea, eta Uribe Kosta Mankomunitateko Iñaki Azua.
Joan den 2024an 3.000 gazte bizkaitar aritu ziren Gurot aplikazioarekin jolasten. Aplikazio honen helburua, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeaz gain, gazteei euren aisialdirako jolas edo tresna egoki bat eskaintzea da, galderei erantzunez sariak irabazteko aukera emanda.
Irailetik abendura bitartean, banakako lehiaketa jokatu zen. Lehiaketa hori Bizkaiko honako herri eta mankomunitate hauek antolatu zuten: Abanto-Zierbena, Amorebieta-Etxano, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Lekeitio, Mungia, Sestao, Enkarterri, Durangaldea, Txorierriko eta Uribe Kostako mankomunitateak; Aldundiaren zerbitzu den Alkarbideren lankidetzarekin.
Fase horretan gazteek banaka erantzun zituzten Gurot-ek batzen dituen galderak, gai ezberdinen ingurukoak, Euskal Herrikoak zein mundu zabalekoak. Galdera horiek gazteentzat egokituak daude eta aldian-aldian berritzen dira. Gaur egun, 3.000tik gora galdera eskaintzen ditu Gurot-ek eta, apurka-apurka, gazteentzat erakargarri eta intereskoak izango diren galdera gehiago sartzea aurreikusten da.
Talde lehiaketa
Hil honetan bertan, otsailaren 20an, taldekako lehiaketa abiatuko da eta dagoeneko martxan dago izen-ematea.
Lehiaketa horretan parte hartzeko, gazteek hiru laguneko taldeak osatu beharko dituzte eta, behin hori eginda, ahalik eta galdera gehien erantzun. Udal edo mankomunitate bakoitzeko talde bi onenek herriko sariak irabaziko dituzte, kasu honetan, ZEID Jaialdi handirako sarrerak eta lehenengo taldeak aurrez aurreko final handian parte hartzeko aukera izango du. Final handi hori, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundua, San Mamesen jokatuko da apirilaren 4an.
