2025-2026 ikasturterako laguntzek herritarren artean euskararen erabilera sustatzea dute helburu.
Gernika-Lumoko Udalak 2025-2026 ikasturterako dirulaguntzen deialdia onartu du eta eskabideak aurkezteko epea azaroaren 30era arte egongo da zabalik .Hiru arlo hartzen ditu barne deialdiak: euskara ikasteko eta hobetzeko ikastaroak, osorik euskaraz ematen diren unibertsitate-mailako ikastaroak eta gidabaimena ateratzeko azterketak euskaraz egitea. 7.000 euroko aurrekontua duten dirulaguntza hauek 2025eko urritik 2026ko irailera bitartean egindako jarduerak hartuko dituzte barne.
Nork eska ditzake dirulaguntzak?
Oro har, Gernika-Lumon erroldatuta dauden eta 16 urte bete dituzten pertsonek eska ditzakete laguntzak. Horrez gain, HITZARGUNE kanpainaren barruan Udalarekin hitzarmena sinatu duten erakundeetako langileek eta kideek ere eskatu ahal izango dituzte, Gernika-Lumon erroldatuta ez egon arren. Udal Eskola Kontseiluan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleen aitona-amonak ere onuradun izan daitezke.
Gidabaimena lortzeko laguntzen kasuan, salbuespen bat dago ziklomotorrentzat: 14 urtetik gorakoek ere eska dezakete, betiere Gernika-Lumon erroldatuta badaude. 16 urtetik beherakoen izenean, tutoreak edo legezko ordezkariak egin beharko du eskaera.
Eskaerak Gernika-Lumoko Udaleko Alkatetzari zuzendu eta udal-erregistroan aurkeztu behar dira, dagokion eskabide-inprimakia erabilita.
Dirulaguntzen baldintzak eta zenbatekoak
Deialdiak hiru modalitate ditu. Lehenengoa homologatutako zentroetan euskara ikasteko eta hobetzeko egindako ikastaroei dagokie, bai ikastaro presentzialei bai autoikaskuntzakoei. Bigarrenean, udan edo oporraldietan euskara hutsez ematen diren unibertsitate-ikastaroak sartzen dira. Hirugarren modalitatea gidabaimena lortzeko azterketa teorikoak edo praktikoak euskaraz egiten dituztenei zuzenduta dago.
Euskara-ikastaroetan, laguntzak 600 eurora irits daitezke ikastaro bakoitzeko, eta gehienez 900 euro pertsonako eta urteko. C2 mailako ikasleentzat, gehieneko zenbatekoa 500 eurokoa izango da ikasturte bakoitzeko. Gainera, barnetegian egindako ikastaroen barruan ostaturako laguntzak sar daitezke, gehienez 400 eurokoak pertsona eta ikastaro bakoitzeko.
Gidabaimenari dagokionez, 80 euroko laguntza aurreikusten da azterketa teorikorako, eta beste 80 euro automobil-baimenerako, probak euskaraz egiten direnean lehen deialdian. Bigarren deialdian, 40 euro ordainduko dira proba bakoitzeko. Motozikletaren eta ziklomotorraren baimenetarako, 50 euroko laguntza ezarri da.
Zer dokumentazio aurkeztu behar da?
Dokumentazioa eskatutako laguntza-motaren araberakoa izango da:
• Ikaslearen fitxa, euskaltegiak edo unibertsitateak emana, matrikulazio-laguntzetarako.
• Aprobetxamenduagatik emango diren laguntzetarako dagokion erakundeak emandako bertaratze-ziurtagiria.
• Matrikula ordaindu izanaren egiaztagiria.
• Langabeen kasuan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan-bizitza, diruz lagundutako jarduera egin zen aldian lan-egoera egiaztatu ahal izateko.
• PFEZaren aitorpena, oinarrietan aurreikusitako kasuetan.
• Errolda-ziurtagiria edo, hala badagokio, HITZARGUNE kanpainan parte hartzen duen erakunde edo enpresa bateko kide izatearen egiaztagiria.
• Diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun dela egiaztatzen duen ziurtagiria, hala badagokio.
• Gidabaimena lortzeko azterketak euskaraz egiteko laguntzen kasuan: azterketa euskaraz egin dela egiaztatzen duen Trafiko Zuzendaritzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.
• Deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen beste edozein agiri, beharrezkoa denean.
Beharrezko dokumentazio guztia jasotzen ez duten eskaerei zuzentzeko errekerimendua egin ahal izango zaie, eta eskatzaileak 10 eguneko epea izango du dagokion zuzenketa egiteko, jakinarazpena jasotzen denetik hasita.
Deialdi honekin, Gernika-Lumoko Udalak euskararen ikaskuntza eta hobekuntza errazteko, prestakuntzaren kostu ekonomikoa murrizteko eta euskara eremu akademiko, profesional eta egunerokoan erabiltzen laguntzeko neurriak jarri ditu. Interesdunek oinarrietan kontsulta ditzakete modalitate bakoitzaren baldintza espezifikoak.

