Opens in a new tab
Udaletxea Foru Plaza, 3
haz@gernika-lumo.eus
94 627 02 00

Gernika-Lumoko Udalak errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntzak onartu ditu

Albisteak, Lan mundua
10 azaroa, 2026

Laguntzek udalerriko merkataritza, ostalaritza edota zerbitzu enpresetako hizkuntza paisaia euskaraz jartzea dute helburu.
Udalak 2026ko dirulaguntza deialdia onartu du eta eskabideak aurkezteko epea 2026ko abenduaren 31ra arte egongo da zabalik. Bi arlo hartzen ditu barne deialdiak: establezimendu kanpoko errotuluak (errotulu nagusia, toldoa eta erakusleihokoak eta ibilgailuetakoak) eta barruko hizkuntza-paisaia (katalogoak, menu-kartak eta antzekoak).

Ekintza hau zuzenean lotuta dago 2023-2027 urte bitarteko udalerriko AROA Euskara Plan Estrategikoan jasotakoarekin, zehazki, euskara eguneroko bizitzan eroso erabiltzeko berariazko estrategiak garatzearekin.
Izan ere, 2026ko uda ostean Hitzargune programaren eskutik egindako kale behaketen emaitzek erakutsi digute esaterako, errotulu nagusiei dagokienez euskararen presentzia %37koa dela eta erakusleihoetan %22koa. Beraz, dirulaguntza honen bidez euskararen presentzia handitzeko pausoak eman nahi ditu Udalak.

Nork eska ditzake dirulaguntzak?
Gernika-Lumoko merkataritzako, ostalaritzako edota beste zerbitzu batzuk emateko establezimendua duten pertsona fisikoak edota juridikoek.

Dirulaguntzen baldintzak eta aurrekontua
2026rako 2.000 euroko bideratuko dira dirulaguntza honetara, eta eskabide kopuruen arabera, 2027an partida handitzeko aukera egongo da.
Dirulaguntza jaso ahal izateko honako baldintzak bete beharko dira:
a) Hitzargune (merkataritza, enpresa eta elkarteen esparruan euskara normalizatzeko kanpaina, Udalak doan eskaintzen duen zerbitzua) programako hitzarmena Gernika-Lumoko Udalarekin sinatuta edukitzea.
b) Lagundutako errotulazio-elementua zuzen idatzita egongo da; hau da, ez du akats gramatikalik edo ortografikorik izango.
c) Izen propioa, toponimoa, akronimoa eta abizenak soilik dituzten errotuluek eta gainerako errotulazio-elementuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.
d) Errotuluak egonkorra izan behar du; hau da, aldi baterako errotuluek edo euskarriek ere ez dute dirulaguntzarik jasoko.
e) Euskaraz eta gaztelaniaz grafia bertsua duten edo antzeko moduan idazten diren terminoak, euskaraz soilik idatziko dira errotuluan.
f) Bi hizkuntza ofizialak edota gehiago erabiltzen direnean, euskararen presentzia, gutxienez, gaztelaniaren edo beste hizkuntzen parekoa izango da dirulaguntza jaso ahal izateko.

Edonola ere, Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak doako itzulpen eta aholkularitza zerbitzua eskainiko die interesdunei, diruz lagundutako errotuluetako testuen zuzentasuna bermatzeko.

Informazio gehiagorako jo dirulaguntzaren oinarrietara.

Euskaraldirako izen-ematea irekita

24 martxoa, 2025
Albisteak, Herritarrak

Euskaraldia 2025 Gernika-Lumon

26 martxoa, 2025
Albisteak, Herritarrak, Lan mundua

Hizkuntza politika indartzeko 2024-2025 ikasturterako laguntzak

14 uztaila, 2025
Albisteak, Elkarteak, Herritarrak