Une bakoitzeko egoerak, solaskideek eta testuinguruak baldintzatzen dute hiztunek egiten duten hizkuntzen hautua.
Globalizazioaren eraginez guztiz eraldatzen ari den munduan, hizkuntzen arteko harremanak, hizkuntzekiko jarrerak eta hizkuntza-komunitateen biziraupenerako baldintzak ez dira iragan mendean ziren parekoak. Ingurune digitalaren hedapenak, hizkuntza-teknologien garapenak, edota sare-sozialen fenomenoek aurrez aurrekoak ez diren harremanak indartu dituzte, eta bestelako harreman-motak (edo bideak) hauspotu dira.
Errealitate berri horrek bete-betean eragiten du hizkuntzen kaleko erabileran, esate baterako, belaunaldi gazteek gero eta denbora gehiago igarotzen dute Interneten edota plataforma digitaletan, eta eremu digital horretan erdaren erabilera da nagusi.
Arreta handiarekin begiratu behar zaio fenomeno horri euskara bezalako hizkuntza minorizatuaren ikuspegitik.
Soziolinguistikoki euskararen erabilera baldintzatzen duten aldagai garrantzizkoak euskal hiztun-kopurua (edo dentsitatea) eta hiztunen hizkuntza-ohiturak dira. Alegia, hiztunak behar dira elkarrizketak euskaraz izan daitezen, eta euskaraz hitz egiteko ohitura ere ezarria behar du izan.
Azkenik, aipatu behar da euskal hiztunek beste erabateko aldagaien eragina ere nozitzen dutela, esate baterako, harremanak eraikitzeko orduan ezarritako hizkuntza-ohiturak, batzuen edo besteen aurrean azaleratzen diren zenbait aurreiritzi edo ingurunean antzematen diren hizkuntza-arau sozialak. Horiek guztiek ere, hizkuntzarekiko duten jarrerekin batera, eragiten dute hiztunek egiten duten hizkuntzen hautaketan.
Kalean Olgetan egitasmoaren eragin aipagarriena, inferentzia bitartez, euskararen erabilera modu ez zuzenean sustatzeko eta handitzeko ahalmenean datza.
Kalean Olgetan 2026 programaren helburu nagusia da gurasoak, umeak eta gaztetxoak, plaza eta parkeetan, elkarrekin euskaraz jolastera bultzatzea.
Ekintzak noiz eta non egingo diren ez da aurretiaz zabaltzen, plazetako ohiko erabiltzaileen migraziorik ez sortzeko eta ahal bezain zeharkako modu ez inbaditzailean jokatzeko asmoarekin.
2026ko lehen fasea maiatza eta ekaina bitartean garatu dugu, eta guztira 12 jardualdi burutu dira Gernika-Lumoko 5-12 urte bitarteko ume, gaztetxo eta berarein arduradunekin. Dinamizazioak Pasealekuan, San kristobal plazan eta san Juan Ibarra plazan burutu dira; eta bataz beste
80 erabiltzaile izan ditugu.
Uda ostean, iraila-azaroa bitartean, egitasmoarekin jarraituko dugu.
