1. ibilbidea. Gernika-Lumo, biak bat
Luzeera: 10 km
Gehienezko malda: 325 m
Zailtasuna: Baxua
Gernika-Lumok dituen mendiko ibilbide laburretariko (PR) bat da hau, PR-BI 173 Gernika-Lumo, biak bat izenekoa. Mota honetako ibilbideak ikur zuri horiekin markaturik egoten dira eta hauek jarraitu beharko ditugu txangoa egiteko.
Iraganera bidaia da ibilbide honek eskaintzen diguna. Kosnoaga mendiaren magalean gorderik daude gure udalerriko historiaren aztarna zaharrenak. Handik behera sortu ziren Erdi Aroan Lumoko elizatea lehenik eta Gernikako hiribildua ostean.
Gernikako hiribilduaren bihotzetik, udaletxe aurretik abiatu eta Santa Luzia auzorantz joko dugu lehenik. Donejakue bideari jarraituko diogu. Gernikako Arbola albotik pasatuko gara eta aurrerago Santa Luzia ermita albotik, jarraian hirigunea atzean uzteko. Errigoitira bidean ur-biltegi albotik igaroko gara eta Bilikario mugarri bitxia ikusteko aukera izango dugu. Mugarritik gertu Donejakue bidea albo batera utzi eta zuzen jarraituz, harik eta Errigoitiko elizatera heldu arte. Merezi du tartetxo bat hartzea herrigune hau ezagutzeko.
Elexaldetik Madalen auzorantz joko dugu eta handik Amillagarantz, Maiaga mendi magaleko pistatik. Elorriaga parean eskumako bidea hartuko dugu. Kondaira zahar batek dioenez sorginek eraiki zuten San Martin ermita orain dagoen leku honetan. Amillagak amildegia esan nahi du, auzoa amildegitxo batean kokaturik baitago.
Baso artetik doa Amillaga eta Lumoko San Pedro auzoak lotzen dituen bidea. Gorabehera handirik gabe helduko gara Lumora. San Pedro eliza gailentzen da auzoaren bazter batean. Deigarria da eliza honek Gernika aldera duen ikuspegi bikaina. Auzoan baserri ederrak, dorretxea, auzo eskolak, iturri eta garbilekuak ere ikusi ahalko ditugu.
Gomendioa: Lumotik abiatzen da Kosnoagara doan desbiderapena. PR-BI 181a jarraitu besterik ez dugu Bastegietara heldu eta Kosnoagara doan bidea hartzeko. Galtzada zahar batek lotzen ditu Lumoko elizatea eta Gernika-Lumoko herrigune nagusia.
Bazterrak

Gernika eta Lumo
1366. urteko apirilaren 28an sortu zen Gernikako uria Lumoko lurretan, elizate honen portua zegoen lekuan. Kokapen estrategikoa zuen lur eremu txiki honek; Kantauri itsasorantz ate irekia izateaz gain bertatik igarotzen ziren Gaztelatik Bermeora eta Bilbotik Lekeitiora zihoazen bide nagusiak.
Gernika eta Lumo arteko gorabeherak hiribildua sortu eta berehala hasi ziren, hiri-gutunak Gernikaren menpe utzi baitzituen Lumokoak ziren lur eta jabetza asko.
Badakizu? Lumoko lurretan egon da beti Gernikako Arbola, Gernikazarra deritzon parajean. Garai batean bertan egon zen Lumoko udaletxea ere.
Hainbat mendetako liskarren ostean, 1882ko urtarrilaren 8an, uriak eta elizateak bat egin zuten Gernika-Lumo sortzeko. Garai hartan Gernikak lurrak behar zituen indartuz zihoan industriarentzat, Lumoko lurrak.

Kosnoaga (273m)
Gernika-Lumoko historia Kosnoaga mendiari lotuta dago. Tontor honek Burdin Aroko (duela 3000 urte inguruko) gotorlekuaren aztarnak gordetzen ditu. Kokaleku estrategiko honetatik itsasadarraren ikuspegia bikaina da, horregaitik garai hartan bertatik komunikazio bide nagusiak kontrolatzen zituzten.
Kosnoagako tontorrean egon zen eskualdeko haize-errota bakarra. XVIII. mendearen hasieran, lehorte gogor batek astindu zuen gure lurraldea. Errekastoak lehortu ziren eta hamaikatxo ur-errota lan egin ezinik geratu ziren. Orduan agertu ziren Bizkaian lehenengo haize-errotak, Kosnoagakoa barne. Eraikuntza txikiak ziren, kono formakoak eta 9 m inguruko garaierakoak. Ez zuten luze iraun, baina garai latz haietan funtsezkoak izan ziren.

