4. ibilbidea. Itsasadarretik Artadira, hango sekretuak ezagutzera
Luzeera: 17,7 km
Gehienezko malda: 300 m
Zailtasuna: Ertaina
Urdaibaiko Biosfera Erreserbako naturgune nagusietatik hiru izango ditugu ikusgai txango honetan: PADURA, LANDAZABALA eta ARTADIA.
Gernika-Lumotik abiatu eta Kortezubira joko dugu, goi estuarioan eta errekaren eskuma aldean egokitu berri duten bide saretik. Hasieran erreka ertzetik joko dugu, baina itsasadarreko zubiaren parean Enderikarantz jarraituko dugu, bide berritik Kortezubiko eliza atzera heltzeko.
Kortezubitik Gautegiz-Arteagarantz, eta herrigunera heldu aurretik ezkerreko bidea hartuko dugu, Orueta aldera. Bertan dago Urdaibai Bird Center. Hemen ikertzen dituzte Urdaibaira datozen hegaztien migrazio bideak, elikadura ohiturak, arriskuak…
Oruetatik Ozollorantz jarraituko dugu. Bidean Arteagako gaztelu albotik pasatuko gara eta Ozolloko begiratokira jaisteko aukera izango dugu. Merezi du begiratokira jaisteko tartetxo bat hartzea. Ozollo landazabala zeharkatu eta Ozolloerrotara helduko gara.
Errota bitxi honen alboan badaude beste marea errota batzuen aztarnak ere. Ozolloerrotatik gora San Lorentzo ermitara helduko gara. Ikuspegi bikaina da inguru honek padura aldera eskaintzen diguna.
San Lorentzoko auzo bidetik errepidera helduko gara. Errepidearen beste aldean dagoen baserriaren paretik abiatzen den bidea hartuko dugu jarraian. Aldapan gora goaz eta laster artadian sartuko gara. Basoa itxi egiten da gure inguruan. Hau da artearen erreinua eta orkatz, azkonar eta bestelako piztien bizilekua.
Artadiaren bihotzean hainbat sekretu gordetzen dira eta hauetako batzuk ezagutzeko aukera izango dugu baso natural honetan.
Artadiko txango zoragarria Zendokizko parajean bukatzen da. Ermita alboan ehunka urteko artea ikusiko dugu, iraganeko baso eder haien lekuko mutua. Zendokizetik Muruetaganara helduko gara eta hemen Ereño eta Gautegiz-Arteaga arteko bide zaharretik txangoaren azken zatia egingo dugu.
Bazterrak

Baso benetan itxia
Baso itxi zeharkagaitza da ARTADI KANTAURIARRA. Baina nola iraun dezake jatorriz klima mediterranearrekoa den basoak gure artean?
Quercus ilex. subsp. ilex
Kareharrizko substratu gainean hazten da baso hau. Lurzoru mota honetan euri ura berehala galtzen da eta arteak zoru lehorrean bizi dela pentsatzen du. Bertako arteek Araba eta Nafarroako ahaideek baino hosto handiagoak dituzte. Horrela, klima horren eguskitsua ez bada ere, hostoek eguzki izpiak hartzeko gaitasuna dute.

Nor dabil hor?
Hegaztiak ez bezala basoko ugaztunak ikustea zaila izaten da. Izan ere artadi barruko animalia talde hau gautarra izaten da. Beraz, nola jakin dezakegu artadi barruan bizi diren ugaztunak zeintzuk diren ez baditugu ikusten? Ingurua behatu eta hauek uzten dituzten aztarnak aztertu besterik ez dugu bertatik nor dabilen jakiteko. Oinatzak, elikagaien markak, gorotzak, babeslekuak… mota askotako aztarnak uzten dituzte.
Beha itzazu eta baietz asmatu norenak diren!

