Udaletxea Foru Plaza, 3
haz@gernika-lumo.eus
94 627 02 00

9. ibilbidea. Muxika aldeko zenbait altxor

Gernika-Lumo - Arana - Kurtzero - San Roman - Urkieta - Arburu - Atxeli - Txakale - Usparitxa - Ariatza

Luzeera: 11,8 km

Gehienezko malda: 500 m

Zailtasuna: Ertaina

Txango honetan Muxikako udalerrian zehar ibiliko gara, bertako auzo, ibar, baserri, baso eta tontorrak ezagutzeko. Gernika-Lumotik abiatu eta Muxika aldera joko dugu. Horretarako Lurgorrira joango gara lehenik eta handik Arana auzora. Auzo honetako landa eremua eta baserriak atzean utzi eta bidegorriari jarraituz Araneko gasolindegira helduko gara. Herri bide zahar bati esker Muxikako Kurtzerora joan ahal izango gara, errepidera irten gabe.

Kurtzero auzoa zeharkatu eta Zubierrota atzetik San Romanera doan errepidera helduko gara. PR-BI 182arekin bat egingo dugu hemen eta bidean gora Muxikako dorretxe aurretik eta San Roman ermita albotik pasatuko gara. Auzo errepidea gidari, Urkietako artera helduko gara. Ehunka urte dituen zuhaitz honen itzalpean artalde ederrak babestuko ziren.

Arte alboan dagoen baso bidean gora jarraituko dugu, pista nagusira heldu arte. Hemen, PRa albo batera utzi eta gorantz jarraituko dugu, Arburuko tontorrera heldu arte. Bikaina da tontorreko ikuspegia.

Jarraian Arburutik Atxelirantz joango gara. Gurutze eder bat aurkituko dugu Usparitxa gainean dagoen tontor txiki honetan.

Errepublika garaian debekatuta zegoen mendi tontorretan gurutzeak jartzea eta Atxelikoa ere kendu zuten. Baina 1932ko urriaren 8an zazpi gaztek, 8,5 m luzeran eta 2,5 m zabaleran zituen gurutzea igo zuten gabaz Usparitxatik Atxelira, eta zutunik ipini zuten gaurko gurutze berriztua dagoen lekuan.

Eurenak eta bi egin behar izan zituzten estrata zaharretan gora eta gauez gurutzea altxatzeko. Ekintza haren gora beherak Balendin Enbeitak bildu zituen Atxeli mendi izeneko bertsoetan.

Atxelitik Ariatzara joateko pista nagusira jaitsiko gara lehenik eta gero Txakale auzoko gorengo baserri albotik abiatzen den bidea hartuko dugu, Usparitxara heltzen den pista.

Mahastiak zeharkatzen ditu Usparitxa eta Ariatza arteko bide zaharrak. Beraz, ardo-landara hauen artean egingo dugu txangoaren azken zatia, Ariatza auzoaren edertasunaz gozatzen dugun bitartean.

Bazterrak

Bertsolaritza, ahozko tradizioa

“Neurriz eta errimaz
kantatzea hitza
horra hor zer kirol mota
den bertsolaritza”

X.Amuriza

“Ene, euskera, ilgo al zara?
Arren erantzun eidazu!
Zu il ezkero ez dot nai bizi,
zeugaz eruan nagizu!”

B.Enbeita

Historialarien aburuz ahozko tradizioaren jatorria historiaurrean galtzen da, lehen artzain euskaldunen garaian. Gure eskualdea hainbat bertsolari ezagunen sehaska izan da. Horien artean aipatzekoak dira Enbeita eta Lopategi familiak.

Balendin Enbeita Usparitxa auzoko baserri batean jaio zan. Juan Antonio Enbeita “Txotxojeuri”ren biloba eta Kepa Enbeita “Urretxindorra”ren semea zen. Bera izan zen Pedro Ajuriarekin batera “Garriko bertso eskola” sortu zuena, Euskal Herriko lehenengo bertso eskola.

Patakon

izkargi mendi inguruko herrietan oraindik ahozko tradizioan pertsonaia baten istorioak kontatzen dira ipuin gisa, duela ez asko inguru haietan bizi zen Patakon bidelapurrarenak. Galdakaon jaio eta Larrabetxun bizi izan zen XIX. mendearen hasieran. Berarentzat egiten zuen lapurreta, baina lortzen zuen gehiena behartsuen artean banatzen zuen.

“Lapurre bai, baina lapur onrradue. Lapurretan eiten euen pobreari emoteko. Dekonari kendu eta ez dekonari emon.”

Zaldi gainean ibiltzen zen hara eta hona. Zaldiari ferrak buelta emanda jartzen zizkiola diote, atzetik zetorrena despistatzeko. Zugastietan hil eta gorpua Bizkargi bueltan agertu zela diote.