Udaletxea Foru Plaza, 3
haz@gernika-lumo.eus
94 627 02 00

6. ibilbidea. Urdaibaiko iragan megalitikoa

Mundaka - Lamiaran - Katillotxu - Goierri - San Bartolome - Altamira - Maiuku - Urberuaga - San Kristobal - Gernika-Lumo

Luzeera: 18,2 km

Gehienezko malda: 325 m

Zailtasuna: Ertaina

Gernika-Lumo eta Mundaka lotzen ditu ibilbide lineal honek. Aukeran, alde batera edo bestera egiterik badago, baina Mundakan hastea gomendatzen dizuegu. Kostaldeko portu eder honetara trenez zein autobusez hel daiteke.

Iraganera bidaiatzeko aukera izango dugu Katillotxuko mendilerrora igotzen garenean. Baina lehenago Mundakako bazter eder batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen digu txangoak. Ondartza auzo ezezagunetik errepidera helduko gara eta kontu handiz hau zeharkatuko dugu Berastegi auzotik Lamiaran aldera joateko. Ederra da Lamiaraneko parajean gora goazela Bermeo aldera dugun ikuspegia. Toponimo bitxi honek iraganeko kondairak dakarzkigu gogora. Agian, ermita eraiki zutenean desagertu ziren haran honetako lamiak?

Lamiaranetik Goitizera heldukotakoan, hau zeharkatu eta ur-biltegira igoko gara. Gogorra da Katillotxuko gailurrera heltzeko azken aldapa, baina tontorrak sorpresa eder bat gordetzen du: Katillotxuko multzo megalitikoaren trikuharrietako bi. Har ezazu tarte bat hauen historia ezagutzeko!

Katillotxuko mendi-gain guztia zeharkatzen dute PR-BI 176ak eta GR 38ak. Behin Pakoteneko trikuharrira heltzean GR 38tik jarraitu beharko dugu Busturiko Goierrira jaisteko. Baina hemen GRa albo batera utzi eta Goierri eta San Bartolome auzoen arteko bide zaharretik joko dugu. Ederra da San Bartolome auzoak, basoaren mugan eskaintzen digun ikuspegia. Mahats-parrak han hemen ikusiko ditugu Altamirara bidean.

Altamiratik Maiuku alderantz joko dugu. Haran honetan baso aniztasun ikaragarria dago. Bide zahar batek lotzen zituen Busturia eta Foruko udalerriak Maiukun zehar. Bide hori izango dugu gidari eta Matsa-matsarre parean estuarioaren ikuspegi ederra eskainiko digu.

Maiukuko baso ederrak atzean utzi eta Foruko Atxa estaltzen duen artadian sartuko gara. Artadia zeharkatzen duen bidetik Foruko harrobira helduko gara, jarraian San Kristobal auzora igotzeko.

Urdaibai dorrea eta San Kristobal ermita albotik igaro eta errege-bidetik egingo dugu txangoaren azken zatia.

Bazterrak

Urdaibaiko estazio megalitikoa

Megalitismoak izaera monumentala duten iraganeko zenbait egitura arkitektoniko biltzen ditu. Ezagutzen ditugun monumentu megalitikoen artean trikuharriak, tumuluak eta menhirrak dira gure eskualdean agertzen direnak.

10 monumentuk osatzen dute Urdaibaiko ondare megalitikoa. Hauetatik 9, Sollubeko mendigunean daude eta bakar bat ezagutzen da Iluntzar aldean.

Txango honetan Katillotxu mendigunea zeharka dezakegu. Tontorrean daude induskatutako eta ostean interpretatutako 2 trikuharri. Bertako interpretazio paneletan irakurri ahalko ditugu iragan urrutiko monumentu bitxi hauen sekretuak.

Katillotxuko multzo megalitikoa

Trikuharriak
Taldeko kideak ehorzteko monumentuak ziren. Zentroan hileta ganbara zuten eta hau harri eta lurrez estalirik egoten zen. Normalean leku garaietan eraikitzen zituzten, urrunetik ikusteko moduko lekuetan.

Tumuluak
Induskatu gabeko trikuharriak dira. Indusketa burutu arte ezin da jakin hileta ganbara duten ala ez.

Iruinarriak
Forma luzeko harriak dira. Zutik jartzen zituzten leku estrategikoetan. Hauen funtzioa sinbolikoa zen, baina ez zuten loturarik hileta-kontuekin.