Udaletxea Foru Plaza, 3
haz@gernika-lumo.eus
94 627 02 00

2. ibilbidea. Mendialdetik goi estuariora

Gernika-Lumo - Bastegieta - Goikoerrota - Armotxerri - Urberuaga - Forua - Itsasadarra - Barrutibaso - Barrutia - Gernika-Lumo

Luzeera: 12,5 km

Gehienezko malda: 260 m

Zailtasuna: Baxua

Gernika-Lumok dituen mendiko ibilbide laburretariko (PR) bat da hau, PR-BI 181 Estuarioaren bihotzetik ibilbidea izenekoa. Ibilbidea seinaleztaturik eta ikur zuri horiekin markaturik dago, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbak eskaintzen dituen 10 ibilbideetako bat da.

Txango honetan Urdaibaiko Biosfera Erreserbako goi estuarioa ezagutzeko aukera izango dugu. Baina lehenengo Gernika-Lumok eskaintzen digun mendi aldeko paisaiatik osteratxo bat egin ahalko dugu.

Udaletxetik Andra Mari elizara igo eta handik Gernikako Arbola ondotik pasatuko gara, Josefinen erresidentziara heltzeko.

Galtzada zaharrak lotzen du Gernika-Lumoko herrigune nagusia Lumoko San Pedro auzoarekin. Ikuspegi ederra eskaintzen digu Lumok. Auzoko iturri zaharrean egarria asetu ostean, Bastegieta auzorantz jarraituko dugu, errepidetik. Basaltozko substratua ageri da bide ertzean eta honen gainean Gaztainadi ederra eta artadi kantauriarra hazten dira. Bastegietara heldu aurretik Kosnoaga mendira igotzeko aukera dugu.

Bastegietatik Berriz aldera doa ibilbidea Hemen hasten da Baldatika errekara jaisten den malda handiko bidea. Kontuz ibili hezetasun handiko egunetan irrist egin gabe!

Baldatika errekako urek hainbat errota jarri zituzten martxan, horietako bat dugu Goikoerrota. Baso pista zabal batek lotzen du Goikoerrota Foruko Armotxerri auzoarekin. Hemen izango ditugu ikusgai San Kristobal ermita eta Urdaibai dorrea; azken honek Biosfera Erreserbari izena ematen dio.

Foru aldera jarraituko dugu eta erromatarren kokaleku albotik igaro ostean, goi estuarioan sartuko gara. Zubi eder batek lotzen ditu berriz ere hainbat urtetan banaturik egon diren itsasadarraren bi ertzak.

Kortezubiko Barrutibason zehar egingo dugu aurrera, baserriez eta hauei lotutako ondare natural eta kultural aberatsaz gozatzen dugun bitartean.

Harizti eder bat zeharkatu ostean helduko gara Barrutiara. Hortik berriro itsasadarrera jo behar dugu, jarraian Gernika-Lumora heltzeko.

Bazterrak

Goi estuarioa

Oka ibaiaren estuarioa Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean dago. Mareek desberdin eragiten dute estuarioko hiru eremu nagusietan – goi, erdi eta behe estuarioan- eta horrek hainbat ekosistema agertzea eragin du. Horrela behe estuarioan hondartzak aurkituko ditugu, baina itsasadarrean gora, marearen eragina txikiagoa den eremuan, lezkadiak nagusituko dira. Hala ere, gaur egungo paisaia gizakiaren eta naturaren mendeetako elkarreraginaren emaitza da. Aipatzekoa da lezkadiak inguratuz agertzen den landazabala. Hemen baserria da nagusi eta honi lotutako ortu, baso, hesi bizi eta zelaiek mosaiko benetan bizia osatzen dute. Nekazaritza eta abeltzantzaren ondorioz sortutako ekosistemak balio ekologiko eta kultural handia du.

Hegaztien babeslekua

Goi estuarioan bizi diren animalien artean aipagarrienak dira bisoi europarra, mokozabala eta arrano arrantzalea. Hala ere, bide hauetatik osteratxo bat egitea besterik ez dugu lezkadia eta honen barruko kanaltxoak hegazti espezie ugarirentzat habia egiteko, atseden hartzeko eta elikatzeko habitat aproposa direla ikusteko. Izan ere, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan (HBBE) gaude. Lertxun hauskara, lertxuntxo txikia, antxeta mokogorria, kaio hankahoria, ubarroi handia, txirri arrunta, txirritxo handia, kopetazuri arrunta, uroilo arrunta, lezkari arrunta eta martin arrantzalea dira, besteak beste, goi estuarioko lezkadi eta ur ibilguetan aurkituko ditugun hegaztiak.