5. ibilbidea. Urdaibaiko mugetatik txangoa
Luzeera: 10 km
Gehienezko malda: 325 m
Zailtasuna: Baxua
GR98a Urdaibaiko Biosfera Erreserbari bira ematen dion mendiko ibilbide luzea (GR, Grande randonnée) da. Babestutako eremu honen mugetatik markatutako ibilbideak bertako paisaia, natura eta kultura ondarea ezagutzeko aukera ematen digu . 5 etapatan banatuta dago eta honetan Gernika eta Bermeo arteko etaparen zati handi bat egiteko aukera izango dugu.
Gernikatik abiatu eta itsasadarraren kanal alboan eraikitako ibilbidetik Muruetako puntaraino helduko gara lehenik eta bidean Urbietatik pasatuko gara. Izenak berak adierazten duen bezala Oka eta Golako ibaien urek bat egiten dute puntu honetan.
Muruetako puntatik Muruetako teilategirantz jarraituko dugu eta kontu handiz ibiliko gara hezetasun handiko egunetan irrist egin gabe.
1892.urtean eraiki zuten teilategi bitxi hau paduraren bihotzean. Bertan teilak eta adreiluak egiten zituzten eta horretarako inguruko materiaz baliatzen ziren. Ederra da bazter honek eskaintzen digun ikuspegia.
Teilategitik gora jarraituko dugu, iparralderantz, Malloa auzorantz.
Malloan errepide alboko bidegorrira irtengo gara San Kristobalera heltzeko. Ermita alboko zubia zeharkatu eta Axpe aldera jarraituko dugu. Bidean Madariaga dorretxe albotik igaroko gara. Merezi du tartetxo bat hartu eta leku honen edertasunaz gozatzea.
Etxebarri alboko mahats-parrak albo batera utzi eta Etxebarriatze aurretik igaro ostean Axpera jaitsiko gara.
Axpe eta Sukarrieta arteko zatia Urkitzako parajetik egingo dugu. Paduraren ikuspegi ederra eskaintzen du eremu honek, baita landazabalarena ere.
Koloniaren albotik igaro eta Sukarrietara helduko gara. Pantalanetik Sukarrieta inguratu eta Portuondorantz jarraituko dugu. Herri-bide zahar batek zeharkatzen du kanpinga, jarraian begiratokira heltzeko.
Estuarioaren ikuspegi ederra dago Portuondotik. Errepide alboko espaloitik Mundakara helduko gara. Ederra da Mundakako portua eta ederra Santa Katalinako muturra ere. Hurbil zaitez eta goza ezazu!
Bazterrak

Paisaia, natura eta kultura
Urdaibaiko historia duela milioika urte hasi zen sakonera txikiko itsasoaren azpian. Bertan pilatutako sedimentuen geruzak gure historiako liburuaren parte dira. Paisaiaz, naturaz eta kulturaz hitz egiten duen liburuaren parte.
70.hamarkadako proiektu batzuk kolokan jarri zuten eskualde honen etorkizun jasangarria. Urte gutxi batzuk geroago paisaia, natura eta kultura aberastasun handiko eskualde hau babesteko beharra ikusi zuten.
1984an Uneskok Biosfera Erreserba izendatu zuen Urdaibai eta handik 5 urtera, 1989an, Eusko Jaurlaritzak Urdaibaiko ekosistemak babesteko legea onartu zuen.
22.000 ha-ko naturgune honen ondare aberatsa 22 udalerritan sakabanatzen da. Ezagutu ezazu!

Ekoetxea Urdaibai
Busturiko Madariaga dorretxea Euskadiko Biodibertsitate Zentroaren egoitza da. Ekoetxea Urdaibai izenaz ezaguna da eta bertan Biodibertsitatea zer den eta bere funtzioak zeintzuk diren erakusten dituzte.
Urdaibai Euskal Herrian ekosistema aniztasun handiena erakusten duen babestutako eremua da. Aipagarriak dira padura, kostaldeko landak eta labarrak, hondartza edo hareatzak, artadiak, erreka ertzeko basoak eta landazabala, besteak beste.
Badirudi Madariaga dorretxea XV. mendean eraiki zutela. Alboan duen jauregia, berriz, XVII. mendekoa da eta erloju-torre bitxia 1851n eraiki zuen auzotar batek Busturiarrentzako.

