7. ibilbidea. Berrekondo eta Golako erreketako arroetatik
Luzeera: 16 km
Gehienezko malda: 285 m
Zailtasuna: Ertaina
Txango honetan Oka ibaiaren bi ibaiadar nagusi ezagutuko ditugu: Berrekondo eta Golako errekak. Berrekondo Mendatako Elexalde eta Albiz auzoen artean jaiotzen da eta Golako erreka, ostera, Oiz mendiaren magalean.
Gernikako hirigunea atzean utzi eta Oka ibai ertzetik Ajangizko ibarra zeharkatuko dugu lehenik, ortu eta baso artetik, harik eta Kanpantxuko zubira heldu arte. Hemen batzen du Okak Berrekondo errekaren ura. Ibaiadar hau izango dugu bidelagun tarte luze batean. Errekan gora egingo dugu eta bidean Goikoerrota eta Estilotza erroten albotik igaroko gara. Lehena jauregia izan ohi zan, baina burdinola, errota eta zentral elektriko txikiaren lanak ere egin zituen. Estilotza, berriz, Mendatak Berrekondon izan duen errota bakarra da, gainontzeko guztiak Golako erreka ertzean egon baitziren. Estilotza albotik igaro eta berehala ezkerretarantz joko dugu, Berrekondo erreka parean dugun pista handi batetik, harik eta Albiz auzora igotzen duen herri-bide zaharra hartu arte.
Albiz auzoan ditugu Madalen eliza eta Albiztarren leinuko dorretxearen aztarnak eta jauregia.
Albiztik Golako erreka ertzera jaisten den pistan behera egingo dugu jarraian, GR 38tik -ardoaren eta arrainaren ibilbidetik-, Ikadia errotara heldu arte. Zaharberritutako errota honek oraindik mantentzen ditu errotarriak eta errota martxan jartzeko makinaria. Zubi sendo batetik Golako erreka zeharkatu eta ezkerretara joko dugu, errekan behera, Berriondorantz. Bidean, Santa Eufemia ermita albotik igaroko gara. Santa honi gerriko minak osatzeko eskaera egiten ohi zaio.
Berriondon Donejakue bidearekin topo egingo dugu eta errepidetik, kontu handiz, Zarra auzoraino helduko gara. Zarra auzoa zeharkatu eta Elexalde-Arratzurantz doan bidean Montolan dorretxera desbideratzea gomendatzen dizuegu, ikuspegiaz gozatzeko. Txangoaren azken zati honetan harrizko bide zaharrak eta baso ederrak ikusiko ditugu. Artzubiko zubi ederretik Golako zeharkatu eta Elexalde auzora igoko gara lehenik, jarraian Loiola auzora jaisteko.
Bazterrak

Golako ibaiaren albo bietara
Golako ibaiaren albo bietara hainbat altxor kultural eta natural daude gorderik. Ibai ertzeko baso aberatsetan animalia ugarik izango dute gordelekua. Artzubiko zubi ederraren erdian dagoen harri batek Arratzu eta Mendata arteko muga irudikatzen du. Zubi honen albo bietara ondare aberatsa ezagutzeko aukera izango dugu: Urdaibaiko harizti zabalena, Montolan dorretxe pentagonal bitxia, Erdi Aroko zubi honetara heltzen zen galtzadaren harrizko eraikina, errotak eta honi lotutako anteparak eta presak, San Tomas eliza, San Pedro ermita eta Konpostelako Santiagoraino heltzen den donejaku bidearen kostaldeko ibilgua. Hau dela eta erraza izango da erromesen bat ikustea.

Kukua (Coculus canorus)
Maiatzean kuku eta San Pedrotan mutu
Kukuaren kantu ozena udaberriaren igarlea izaten ohi da. Hegazti migratzaile hau negua Afrikan igaro ostean, Euskal Herrira heltzen da udaberrian. Lehenik arrak heltzen dira. Hauena da basoetan entzuten dugun “ku-ku” ozena. Esaera zahar honek dioenez San Pedroak eta gero, hegoalderantz joko dute.
Kukuak txantxangorria du inude
Kukuak ez ditu inoiz bere kumeak hazten. Habi bizkarroia da. Txantxangorria, txepetxa, buztangorria… en habietan arrautza bizkor jarri eta alde egingo du. 11-12 egunen ostean, kuku erraldoi bat jaioko da eta honek batzuetan habikideak botako ditu, amaordearen arreta lortzeko. Egun batzuen buruan kumea inudea baino handiagoa izango da.

