Udaletxea Foru Plaza, 3
haz@gernika-lumo.eus
94 627 02 00

3. ibilbidea. Gernika-Lumoko bonbardaketa

Gernika-Lumo - Errenteria - Olesko - Burgoagana - Ajangiz - Kanpantxu -Santa Luzia - Zallo - Amillaga - Bastegieta - Kosnoaga - Dondiz - Gernika-Lumo

Luzeera: 14,3 km

Gehienezko malda: 475 m

Zailtasuna: Ertaina

Gernika inguratzen duten mendi, ibar baso eta auzoetatik ibilaldia. Burgoa, Ajangiz eta Kosnoagatik Gernika-Lumoren eta itsasadarraren ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izango dugu. Azken tontor honetatik ematen zuten abisua, gerra garaian, itsas aldetik hegazkinak Gernikarantz zetozenean.
Txangoaren lehen zatian Errenteria eta Lorategieta auzoak zeharkatu eta Oleskon Burgoara doan bidea hartuko dugu. Burgoa mendiaren magaletik Gernikako ikuspegi ederra izango dugu. Ajangizeko elizaren atzealdean ere panoramika ederra dago.

Berrekondo eta Oka erreketako ibarrak ortuz beterik zeuden garai hartan. Bonbardaketa egunean inguruko baserritar asko zuden Gernikako merkatuan.
Oka errekako eskumaldean, Arana, Zallo eta Lumoko baserri, ortu eta zelaiak ezagutzeko aukera izango dugu, Kosnoaga tontorrera igo, bertako ikuspegia ezagutu eta Dondiz aldera jaitsi aurretik.

Erregebidea jarraitu besterik ez dugu izango Gernikara bueltatu eta kale artean galtzeko.

1. Suak eragindako agonia. Nestor Basterretxearen eskultura (2012)
2. “Guernica” Gernikara.
3. Errenteriako zubia.
4. Astra lantegia eta babeslekua
5. Pasealekuko babeslekuak
6. Metralla aztarnak.
7. Andra Maria eliza
8. Turismo bulegoa. Bisita gidatuak: 94 625 58 92

Bazterrak

Heriotzaren datuak

1937 / 04 / 26. Astelehena zen. Azoka eguna.
5.000 biztanle inguru zituen Gernikak garai hartan. Horiez gain, Euskal Herriko beste leku batzuetatik heldutako 3.000 errefuxiatu inguru zeuden urian egun haietan.

16:50-19:45. Hiru ordu inguru iraun zuen bonbardaketak. Babeslekuetatik irteten hasi zirenean, jendeak ezin izan zuen sinetsi begien aurrean agertutakoa.

Bizkaian 33 izan ziren bonbardatutako herriak (Otxandio, Durango, Elorrio, Arratzu, Gautegiz-Arteaga, Bilbo, Errigoiti, Larrabetzu…).

26-30 Tona bonba bota zituzten defentsarik gabeko herritarren gainean. Horrez gain, ihesi zihoan jendea metrailetaz tirokatu zuten.
%70a da Gernikan erabat suntsiturik geratu ziren eraikinen portzentajea.

1.654 hildako egon zirela esan zuen Euskal Gobernuak. Frankistek askoz gutxiago aipatzen zuten.

10 urte inguru iraun zuen Gernikako berreraikuntzak. Besteak beste Errepublikaren aldeko presoak erabili zituzten horretarako.

Ahotsak.eus - euskal herriko hizkerak eta ahozko ondarea

“Ezinezkoa zait tragedia haren koadroa egitea. Izua, ikara, garrasiak, zaurituen dei erregulatzaileak, hildakoen ikuskizun negargarria, eta, denetan okerrena, elkarri lagundu ezina, hegazkinak pilotatzen zituzten piztia haiek mugitzen zen orori ankerki segitu eta metrailatu egiten baitzuten” (Jose Labairu. Gernikako alkatea)

“Jakatxo gorri batez jantzirik neraman besoetan nire haurra. Jaka eranzteko gomendatu zidaten errefuxiatuek, hain behetik zetozen abioiak ezen erraz ikusi ahal izango zuten. Hala egin nuen haurra belar artean gordez” (Paula Omaetxebarria)

“Bonbardaketa ostean, inguruko etxe guztiak bete ziren. Gure etxean sei hilabeteko bikiekin heldutako ama bat izan genuen. Auzoko arkume batzuen biberoia erabilita, etxeko behiari eratzitako esnea eman genien umeei jaten” (Andone Bidaguren)