Udaletxea Foru Plaza, 3
haz@gernika-lumo.eus
94 627 02 00

11. ibilbidea. Muxika aldera, sorginen antzera

Gernika-Lumo - Kanpantxu - Mentxeta - Laubide - Okanabaso - Eperlanda - Berroia - Ajuria - Askari - Oka

Luzeera: 13,2 km

Gehienezko malda: 295 m

Zailtasuna: Baxua

Badira gure eskualdean euskal mitologiaren lekuko mutuak, antzinako sinesmenekin zer ikusia duten lekuak: Eperlanda (Muxika), Lamiñerreka (Gernika-Lumo), Dantzaleku (Ibarrangelu), Lamiaran (Mundaka)… Leku hauetako asko ikertzen ibili zen Joxe Migel Barandiaran gure eskualdean.

Txango honetan Muxikako Eperlandatik pasatuko gara, Okanabasoko parajean, Peru eta Marixe egon ziren lekutik hurbil. Horretarako Gernikatik abiatu eta Bekoibarra zeharkatuko dugu, Oka erreka ertzera heltzeko. Saihesbide azpian eskumako bidea hartuko dugu, Oka erreka ertzetik Arabietako zubiraino heltzen den bidea.

Antzina erdi puntuko arkudun zubi eder batek batzen zituen Gernika-Lumo eta Ajangizeko ertzak. Zubi barriaren azpitik igarotzen da Oka ibaia, gure eskualdeko ibairik nagusiena.

Eskumako auzo errepidean gora joko dugu, Lurraskaren albotik Mentxetatorrera heltzeko. Aurrerago, Laubideko bidegurutzean zuzen jarraitu behar dugu, baina Peru eta Marixeren istorioa ezagutu nahi badugu eskumarantz desbideratuko gara, 200 m inguru.

Laubidetik aurrera, Borikena baserritik hurbil dago Eperlanda. Honen albotik igaro eta mendi eta basoak zeharkatu beharko ditugu, aldapan gora, harik eta Berroia auzora heldu arte.

Zoragarria da benetan Berroia auzotik itsaso aldera dugun ikuspegia, Oka errekaren arroa eta bera mugatzen duten mendi-tontor eta basoak; eta han hemen, auzoak eta herriak.

Berroia auzoan mahastiak dira nagusi. Bizkaiko txakolina ekoizten dute bertako upategian: Agirrebeko eta Berroja.

Errepideak lotzen ditu Berroia eta Ajuria auzoak. Azken hau zeharkatu beharko dugu Askariko bidea hartzeko. Bikaina da benetan tontor txiki eta ezezagun honek eskaintzen digun ikuspegia. Okako arroaren bihotzean dago eta bitxia da benetan bere panoramika.

Bide zaharrak lotzen zuen Askariko tontorra Oka auzoarekin. Kontu handiz, baina ikuspegi eta baso eta bideen edertasunaz gozatuz, Oka auzora jaitsiko gara.

Jauregia, ermita, errotak… Aberatsa da auzo honen ondarea. Oka auzoko gasolindegian hartuko dugu autobusa. Kontuz errepidean!

Bazterrak

Antzinako kontuak, mitologian

Antzinako jainko eta pertsonaien kontuak askotarikoak izan ziren garai batean, sutondoan, berbetan, familia osoa batzen zen garaian. Kontu horietako asko galdu egin dira, baina Barandiaranek Euskal Herrian zehar hauen bilduma ederra egin zuen. Muxikan ere izan zen kontu zaharrak biltzen…

Antzina, Muxika eta Ajangiz udalerrien arteko mugatik gertu, Okanabason, gaztainondo zahar eta berezi bi zeuden: PERU eta MARIXE. Hauen itzalpean tratuak eta salmentak egiten ziren, baina ezkontzak ere bai, Peru eta Marixe lekuko zirela.

EPERLANDA Okanabason, muino biren artean dagoen landatako bat da. Kondaira zaharrak dioenez bertan sorginak batzen ziren, akelarrean.

Askari, tontor txiki

Oka eta Zugastieta artean badago Askari izeneko tontor txiki bat. Altuera txikikoa bada ere handia eta parerik gabekoa da eskaintzen duen ikuspegia. Iparraldera begiratuz gero ikusgarria da Gernika aldera dagoen ikuspegia. Errege-bide zaharraren gainean eraiki zen errepide berria, Oka ibaiaren parean doan ardatz zuzena.

Hegoaldera begira jartzen bagara Arburu mendia eta Gorozika auzoak ikusten ditugu eta atzerago Autzagane mendatea.

Baso misto eder batek estaltzen du Oka aldera mendi honek duen magala. Bertan aurkitzen ditugu haitz artean haritzak, gaztainondoak, lizarrak… eta errekatik gertuago haltzak.

Garai batean asko izan baziren ere, gaur egun urriak dira mota honetako baso aberatsak.