12. ibilbidea. Uribe aldera bisita
Luzeera: 16,2 km
Gehienezko malda: 380 m
Zailtasuna: Ertaina
Txango honetan Busturialdeko muga zeharkatu eta Uribe eskualdeko 23 udalerrietako bi ezagutzeko aukera izango dugu: Arrieta eta Fruiz.
Gernikako udaletxetik abiatu eta Andra Mari elizaren albotxutik, auzo errepidetik, Lumoraino egingo dugu txangoaren lehen zatian. Lumon iturri albotik, Errigoiti alderantz jarraituko dugu eta Bastegieta eta Elorrietako baserriak igaro ostean, Errigoitiko Sallobante auzora helduko gara.
Eliza, auzo eskola eta atseden-gunea ditu auzune eder honek. Iturrian egarria asetu eta aurrera jarraituko dugu, Bizkaigane aldera, baserri eder eta handien artetik, auzo bidea gidari dugula.
Benetan bikaina da Bizkaiganeko muinoak eskaintzen digun ikuspegia. Bertatik ondo bereizten da landazabalaren mosaiko bitxia: baserriak, landak, ortuak, zelaiak, pinu eta eukaliptu landaketak eta baso naturalak. Uribe eskualdeak hemen du aparteko begiratokia.
Santakurtze ermitako horman gerra zibilean hildako gudarien omenezko plaka ikusiko dugu.
Bizkaiganeko bidegurutzean Gorbeia auzorantz doan errepidetik jarraituko dugu. Urdaibaiko mugan gaude eta hau atzean utzi eta Uribe eskualdean sartuko gara.
Pista zabalean behera jarraituko dugu Arrietako Jainko auzora heltzeko. Arrieta da Uribe eskualdeko herririk garaiena. Auzo errepide lasaiak lotzen ditu Jainko eta Libao auzoak. Azken hau da Arrietako herrigune nagusia eta bertan ikusiko ditugu, besteak beste, udaletxea, frontoia, probalekua, San Martin eliza, Aita Patxi abade errepublikarraren omenezko eskultura eta Kurtzeperio ermita.
Errepidetik Goiri auzora helduko gara, baina hemen, errepidea albo batera utzi eta Mendiguren eta Fruizko Aldairantz doan auzo bidetik jarraituko dugu.
Txangoaren azken tartean gaude. Hemen, San Salbatore eliza (XVI-XVII. mendeak) ederra ikusteko aukera izango dugu, Mungiako errepidera heldu aurretik.
Gernika-Lumora itzultzeko, A-3519a, Mungia eta Gernika arteko Bizkaibusa hartu beharko dugu, Fruizko Aldai auzoan.
Bazterrak

Bizkaiganetik, iraganera begira
Izenak berak ondo adierazten duen moduan paregabea da Bizkaiko gai honek eskaintzen digun ikuspegia.
Arrieta dago lehen planoan, baina Txorierri ia osotasunean ikusteko aukera dugu egun argietan, barruko mendietatik Kantauri itsasoraino.
Frankok ez zuen edonolako lekua aukeratu gerra zibilean Burdin Hesia nola hautsi behar zuten ikusteko. Izan ere, muino honetatik ondo baino hobeto ikusten dira Burdin Hesiko 3. eta 4. sektoreak eta hauek batzen ziren puntua, Gaztelumendi. Hau izan zen 1937ko ekainaren 12an frankistek Bilbo inguruko defentsa lerroa apurtzeko aukeratu zuten lekua. 7 egun beranduago Bilbo Frankisten esku geratu zen.

Indalecio Ojangurenen herentzia
1887.urtean jaio zen Eibarren. Hainbat eibartar bezala armagintzan izan zuen lehen lanpostua, baina ultzerak jota medikuak mendian ibiltzeko gomendioa luzatu zion eta orduan hasi zen sortzen gaur egun dugun garai hartako argazki bildumarik ederrena.
100 gailurren lehiaketa bukatu zuen lehen gipuzkoarra izan zen eta gailur horiek guztiak argazkitan bildu zituen. Hori dela eta “Arrano argazkilaria” ezezinez ezagutzen zuten.
Bizkaian eta Gipuzkoan barrena asko bidaiatu zuen eta argazkietan batu zituen ezagutzen zituen herrietako bazter ederrenak.
“Fedea izan eta Euskal Herria maitatu behar da
nik egin dudan lana egiteko”
Ondare honek ez du parekorik gaur egun. Argazki bilduma hurrengo helbidean honetan dugu ikusgai: www.guregipuzkoa.eus

