Udaletxea Foru Plaza, 3
haz@gernika-lumo.eus
94 627 02 00

13. ibilbidea. Morga aldera txangoa

Gernika-Lumo - Lumo - Bastegieta - Madalen - Uria - Elexalde-Errigoiti - Meakaur - Meaka - Oñarte - Andra Mari-Morga

Luzeera: 14,7 km

Gehienezko malda: 345 m

Zailtasuna: Ertaina

Gernikatik Lumo aldera igotzeko hainbat bide daude baina txango honetan Kosnoaga ekialdetik inguratu eta Bastegietaraino doan auzo errepide aldapatsua aukeratu dugu. Horretarako, Gernika-Lumoko udaletxe aurretik abiatu eta Andra Mari eliza albotik Lumo aldera doan errepidea izango dugu gidari, harik eta “Cuatro bancos” parean aipatutako auzo errepidea hartu arte.

Bastegietatik Elorriatara, eta hemendik aurrera jarraituz gero, bidegurutze nagusi batera helduko gara. Eskumako bidea Sallobante aldera doa, baina guk ezkerrekoa aukeratuko dugu, Madalen auzora heltzeko.

Madalenetik Errigoitiko errepidera helduko gara eta eskumarantz jo beharko dugu, kontu handiz, errepidetik Errigoitiko urira heltzeko. Bertan dago udaletxea eta bertatik abiatzen da Elexaldera doan galtzada zaharra.

Elexalde auzoa, leku lasai eta erakargarria da oso. Bertan daude Idibaltzagako Andra Maria eliza eta San Martin baseliza ederrak, eta hauen inguruan zuhaitz zahar eta gazteak, atsedengunea eta haurrentzako jolas parkea.

Elexalde-Errigoitin barruko auzo errepidetik jarraituko dugu, baina Katalinaga auzoan errepidetxoa albo batera utzi eta Borikarantz jaisten den bidea hartuko dugu. Herri-bide zahar batek lotzen du Borika Ugelitz baserriarekin.

Ugelitzetik Mungiako errepidera jaitsiko gara, eta hau zeharkatuko dugu jarraian Morgako auzuneetatik doan mendiko ibilbide laburra (PR-BI 174) hartzeko.

Iturrikoetxetik Meakaur auzora helduko gara. Hau da Andra Maria auzoarekin batera, Morgak dituen bi auzune nagusiak. Deigarria dira auzo honetako San Martin eliza, aterpetxea eta santutxoa.

Errepide lasaiak lotzen ditu Meakaur, Meaka eta Oñarte auzoak. Azken bi auzo hauen artean dago San Migel ermita, bere pinu ederra eta honen inguruan Altamirako begiratoki ederra.

Oñarte eta Andra Mari auzoak herri-bide zahar batek lotzen ditu eta hortik igoko gara. Astean zehar, badago Andra Mari auzoan Gernikara bueltatuko gaituen autobusa hartzeko aukera. Baina asteburua bada, PRtik Mungiako errepidera jaitsi beharko gara, Iturrikoetxeara.

Bazterrak

Errigoiti, han goiko herria

1376.urtean sortu zen Errigoitiko uria, Larrabetzu eta Mungiarekin batera, Bizkaian izan ziren hainbat hiribildu bezala, bidegurutze garrantzitsu baten inguruan.

Galtzada zahar batek lotzen du Uria Elexalde auzoarekin. Auzo horretan daude Idibaltzagako Andra Maria eliza eta San Martin baseliza. Azken hau santutxoa da, bide ertzeko ermita. Bere forjazko hesia eskualdeko interesgarrienetakoa da, baina ermita honek badu altxor preziatuagoa: Santu beltza. Aspaldi aurkitu zuten ume bik momifikatutako gorpua eta diotenez hitz egin ezinik geratu ziren. Ordutik, asko izan dira ermitara totelkeria edo esanezina sendatzeko eskaeraz hurbildu direnak. Aurrez aurre du ermitak Andra Maria parrokia eta inguruan iturri, jolasleku eta atseden-gunea.

Morga, Uribe aldera begira

Morgak, oraindik baditu herri-bide zahar ederrak, garai batean ohikoak izan ziren harrizko hormadun bideak. Horma hauetan anitza eta oso berezia da flora eta fauna, eskosistema berezia bezain txikia osatzen duena.

Urtean behin feria ospatzen da gure eskualdearen mugan dagoen herri honetan. Mendiko ibilbide labur batek lotzen ditu Morgako auzune nagusiak eta bertako ermita, jauregi, eliza, iturri, labadero eta probalekuak ezagutzeko aukera eskaintzen digu.

Baina Morgak badu beste altxor erakargarri bat, Altamirako begiratokia. Edertasun handiko leku honetatik, egun argitsuetan, Gambe haran sakon eta ederra eta Uribe eskualdea ikusi ahal ditugu, Itsaso aldetik, deiadar mendia den Sollubeko tontorreraino. Handik hurbil dago tradizio handiko San Migel ermita.