Udaletxea Foru Plaza, 3
haz@gernika-lumo.eus
94 627 02 00

15. ibilbidea. Ardoaren eta arrainaren bidetik (II)

Astorkinaga - Ganbe - Ikeria - Albiz - Mendata-Uria - Elexalde-Mendata - Kalbario - Argana - Kanpantxu

Luzeera: 14,5 km

Gehienezko malda: 425 m

Zailtasuna: Ertaina

Urdaibaiko Biosfera Erreserba zeharkatzen duten ibilbideetako bat da GR 38a eta naturgune honen mugak zeharkatzen dituen ibilbidea da GR 98a. Txango honetan bi ibilbide hauek izango ditugu gidari: GR 98a Astorkiganatik Ganbera eta GR 38a Ganbetik Gernika-Lumora.

Astorkiganatik abiatu eta erromes bidearen kontrako noranzkoan egingo dugu ibilbidearen lehen zatia, harik eta Kurutzelekun Ganberantz doan baso bidea hartzen dugun arte.

Ganbeko bidegurutzera heltzen garenean GR 98a albo batera utzi eta GR 38tik jarraitu beharko dugu. Baina lehenengo merezi du elurzulora hurbiltzea. Izan ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako mugen barruan dagoen elurzulo bakarra da.

Ganbe eta Albiz auzoen artean GR 38ak Golako errekaren arroa zeharkatzen du. Malda handiko arro estua denez, aldapa gogorrei aurre egin beharko diegu. Hala ere, Golako errekaren ertzean, Ikeria errota alboan, atseden hartu eta freskotasunaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu.

Albiz auzoan, eliza, dorretxea, jauregia eta iturri-leixiba ikusi ahalko ditugu, Mendatako Elexalde eta Urira bidean.

Elexalde-Mendatan atseden hartu eta Gernika-Lumorantz jarraituko dugu, hilerriko horma albotik igaro eta Kalbariora igotzen den bidetik. Hiru gurutzeen aztarnak aurrean izango ditugu ikuspegi ederra eskaintzen digun mendi honen tontorrean. Sagarrondo artetik pinudietara igaro eta Arganako baserri ingurutik pasatuko gara eta maldan behera jarraituko dugu, bidez bide Ajangizko Kanpantxu auzora heldu arte.

Kanpantxun Maier enpresa aurretik pasatu eta Arabietako zubia zeharkatuko dugu, jarraian Gernika-Lumon sartzeko.

Ibilbideak herrigunea hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du eta Eriako lorategietara heltzen da. Bertan ospatzen zen antzina Gernika-Lumoko azoka ospetsua.

Txangoa udaletxe aurrean bukatuko da, Berbalagun taldekook urte hauetan guztietan egin ditugun ehunka ibilbideen ohiko abiapuntuan.

Bazterrak

Arrainaren garraioa

Ardoaren eta arrainaren bideak bi produktu hauen elkartrukea baimentzen zuen, baina garia, artilea, burdina eta beste hainbat produkturen joan etorria ere ohikoa izango zen merkantzia bide honetan.

Arraina garraiatzeko forma asko egoten ziren, Erdi Aroan freskotan, gatzetan, ketuta… kontsumitzen baitzen. Sardinak, bisigua, sardinzarrak eta bakailaoa ziren barnealdeko merkatuetan gehien saltzen ziren arrain motak.

XIV. mendeko agiri batean irakur dezakegunez, Durangoko Barrenkalen arrandegi bat zegoen, zeinean Bermeo, Lekeitio eta Ondarroatik egunean bertan harrapatutako arrain mota guztiak saltzen ziren.

Ganbeko elurzuloa

Ardoaren eta arrainaren ibilbidean, Ganbeko basoetan, izen bereko elurzuloa dugu. Euskal Herrian ezagutu izan diren 250 elurzuloetako bat da hau. Izan ere, izozkailurik ez zegoen garaian elurra baliagai preziatua zen elikagaiak eta medikamenduak fresko mantendu, freskagarriak egin edota zenbait gaixotasunek eragiten zuten sukarrari aurre egiteko.

Arraina garraiatzen zuten garai hartan, Bermeotik Durango edota Gaztelara bidean, mandazainentzako gai preziatua izango zen Ganbeko elurra.

Neguan batzen zen elurra, orbelarekin banatutako geruzatan gordetzen zen elurzuloan. Ganbeko zulo honek 9 m-ko sakonera eta 5,8 m-ko diametroa ditu eta badirudi 1915. urtera arte martxan egon zela.