Udaletxea Foru Plaza, 3
haz@gernika-lumo.eus
94 627 02 00

17. ibilbidea. Gaztelugatxe… lurra eta itsasoa, aurrez-aurre

Bermeo - Gibele - Matxitxako - Lurgorri - Ermu - Gaztelugatxe - Eneperi - Mendialde - Bakio

Luzeera: 14,6 km

Gehienezko malda: 220 m

Zailtasuna: Ertaina

Bizkaiko kostaldea ederra da benetan. Bermeotik Bakio aldera joko dugu txango honetan eta bidean Gaztelugatxeko biotopo babestua zeharkatuko dugu. Asko dira Matxitxako eta Gaztelugatxe artean babestutako eremu natural honek erakutsiko dizkigun altxorrak. Goazen horiek ezagutzera!
Bermeora trenez zein autobusez heltzeko aukera dugu eta gero Bakiotik autobusez bueltatzeko aukera izango dugu, baina kontuz, Bakio-Bermeo autobusa uda garaian baino ez baitago.

Bermeotik Bakio alderako errepidea izango dugu gaurko txangoaren lehen zatian ardatz. Kontu handiz joango gara errepide bazterretik Matxitxakoko eskola zaharrera heldu arte. Hortik aurrera auzo errepide zaharretik jarraituko dugu Matxitxakoko lurmuturreraino.

Bidexka txiki batek lotzen du Matxitxako Lurgorrirekin, aldapatsua da, baina Gaztelugatxe aldera ikuspegi ederra eskaintzen digu.

Lurgorritik Ermura errepide zaharretik egingo dugu eta behin Ermun, Gaztelugatxera jaitsiko gara. 240 eskailera igo beharko ditugu ermitara heltzeko. Azken eskaileretako batean aurkituko dugu San Juanen hirugarren oinatza..

Gaztelugatxetik Eneperira igoko gara eta ostean Bakio aldera jaisten hasiko gara, Baselizen ibilbidetik, mahatsondoen hosto horiak dituen seinaleei jarraituz.

Kostaldeko edertasunak sorginduko gaitu eta konturatu orduko Bakiora helduko gara.

Bazterrak

Matxitxakoko Guda 1937

1936an sortu berria zen behin behineko lehen Eusko Jaurlaritzak “Euzkadiko Gudontzidia” jarri zuen martxan, Euskal Herriko kostaldea, portu nagusiak, arrantza, merkantzien joan etorria eta jendearen erbesteratzea babesteko. Zenbait arrantza ontzi gerraontzi (Bouak) bihurtu zituzten. 1937ko martxoaren 5ean, itsasontzi horietako batzuek itsas armada nazionaleko gerraontziei aurre egin zieten. Zenbait arrantza ontzi gerraontzi (Bouak) bihurtu zituzten. 1937ko martxoaren 5ean, itsasontzi horietako batzuek itsas armada nazionaleko gerraontziei aurre egin zieten.

Urtero, Matxitxakoko guda izeneko eskulturaren aurrean bataila hartan parte hartu zuten gudariak omentzen dituzte; Canariasen aurka borrokatu ziren Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Donostia gudontzietako gudarien omenez.

Matxitxakotik Gaztelugatxera

Matxitxakoko lurmuturrak natura eta kultura altxor ugari ditu: Itsasargi zahar eta berria, talaiariaren etxea, kanoi-bateria, bolborategia edota armeria euscadiensis izeneko lore eder bezain hauskorra. Itsasargi zaharrean gainera, itsas-hegazti eta zetazeoak behatzeko lekua egokitu dute, lurmuturrak baitira itsasoan gehien sartzen diren lur eremuak, behaketetarako aproposak.
Gaztelugatxe, berriz, itsasoari aurre egin eta Kantauriko uretan barneratzen dela dirudi. Izenak berak adierazten duen moduan, XI. mendean gaztelu bat egon zen bertan. Kondaira zaharrek diotenez San Juan Bermeoko portuan lehorreratu ostean 4 pausotan heldu zen Gaztelugatxera eta piratak ere bertatik igaro ei ziren.

Historia handiko lekua da Gaztelugatxe, erakargarria, menderaezina; babestutako biotopoaren harrizko bihotza, olatuen enbatari aurre eginez bizi dena.